Inicio menú auxiliar

Inicio menú principal eu

Inicio menú local

Edukiaren hasiera

Hemen zaude: Hasiera » Findegia » Ikuspegia

Findegia

Ba al zenekien...

  • Administrazioak ziurtatu duenez, Petronorreko Baterako Sorkuntzaren unitatea (energia elektrikoa eta termikoa sortzen dituen instalazioa) Eraginkortasun Handikoa da (ahalik eta baliabide gutxiena erabiliz sortzen du energia; hots, “energia berdetzat” jo dezakegun hori ekoizten du). Zehatzago esanda: 2006. urtean, 303.482.000 kWh sortu zituen (alegia, urte hartan bertan lau kideko 76.000 etxetan gutxi gorabehera kontsumitu zen energiaren parekoa), eta 2007an, berriz, 268.403.177 kWh (hots, urte hartan lau kideko 67.000 etxetan gutxi gorabehera kontsumitu zen energiaren parekoa).
  • Petronorrek ura erabiltzeko ezarritako irizpide berberak gure etxean baliatuko bagenitu, hilabete osoa egin ahal izango genuke gaur egun 20 egunean kontsumitzen dugunarekin.
  • Gure ibilgailuen teknologia energetikoa Petronorreko findegiko instalazioetakoa bezain eraginkorra balitz, gure automobilek % 20 gutxiago kontsumituko lukete, eta, beraz, CO2 gutxiago isuriko genuke atmosferara.
  • Etxeko erosketetan Petronorrek darabiltzan irizpideak baliatuko bagenitu, hiri-hondakin solidoei dagozkien bilgarriak, poltsak, plastikoak, botilak eta abar % 50 murriztuko genituzke.
  • Gure etxeetako ur beroaren eta berokuntzaren galdarek Petronorreko instalazioetako teknologia balute, ez lukete kanpoko elektrizitatez hornitu beharrik izango, sistemak berak bere burua elikatuko bailuke; eta, beraz, CO2 gutxiago isuriko genuke.
  • Petronorreko lehen logotipoa José Manuel Sendagortari, konpainiaren lehen presidentearen anaiari, bururatu zitzaion trenean begirik bildu ezinda igarotako gau batean.
  • Findegian, 100.000 tona keroseno ekoizten dugu urtebetean, eta keroseno-kantitate horrekin Airbus A38ak, munduko hegazkinik handienak, ia 5.500.000 kilometro egin ahal izango lituzke, hots, Lurretik Ilargirako 10 bat joan-etorri.
  • Laurogeiko hamarkadaren amaiera arte, Petronorrek bere jabetzapeko petrolio-ontziak izan zituen. Horietako batzuk –Arteaga, esaterako– une horretan Europan zeuden petrolio-ontzirik handienak izan ziren gainera.
  • Punta Luceroko itsas terminalean egiten diren ia sartu-irtenen erdiak Petronorri dagozkio, eta ia 17 milioi tona produktuko negozio-bolumena du urtean.
  • Superportuaren mendebaldeko kai-muturra, Punta Lucero, Kantabriako harriz eraiki zuten, eta 30 metroko sakonera du.
  • Findegiak, gaur egun, 11 milioi tona gasolio gordin prozesatzen du, eta beste milioi bat tona prozesatzeko gaitasuna ere izango luke, beharrezkoa balitz.
  • Salazartarren antzinako jauregia 1973an erosi zuen Petronorrek, eta Muñatoizko multzo historikoaren barruan dago. Multzo hori monumentu nazional izendatu zuten 1944an.
  • Punta Lucero kai-muturra amaitu zuten arte (1995), itsasontziak Santurtziko olatu-hormaren 2. morruan porturatzen ziren.
  • Petronorreko atrakalekuetara iritsi zen lehen itsasontzia William Larimer Mellon izaneko petrolio-ontzia izan zen. Liberiako bandera zuen, eta Gulf Oil konpainiarena zen; bada, Gulf Oil Petronorreko jabekidea izan zen garai batean. Petrolio-ontzia Bantry Baytik (Irlanda) zetorren, eta 1972ko ekainaren 30eko goizaldean iritsi zen gurera.
  • Handik gutxira, 1973an, Aki Hito –orduan Japoniako printze oinordekoa– findegian izan zen bisitan, Espainiako Joan Karlos I.a erregearekin batera.
  • Hurrengo urtean, 1974an, 6 milioi tona pasatxo prozesatu zituzten findegian; gaur egun, berriz, 11 milioi tonatik gora ari gara ekoizten.
  • Petronorren jabetzapeko Arteaga petrolio-ontzia 1972ko abenduan amaitu zuten; 325.795 tonako pisu hila zuen, eta 347,94 metro luze, 53,37 metro zabal eta 32,01 metro garai zen (San Mames futbol-zelaiaren luzeraren eta zabaleraren hiru halako ia-ia). Arrapalatik uretaratutako munduko itsasontzirik handiena izan zen.
  • Japoniako zenbait teknikari eta zuzendari etorri ziren gurera, Arteaga petrolio-ontzia uretaratzeko unea ikusteko, uretaratze horrek porrot egingo zuelakoan (japoniarrek dike lehorretik uretaratzen zituzten ontziak, ez arrapalatik). Dena biribil irten zen ordea.
  • Punta Lucero eta Punta Galeako kai-muturrak (azken hori amaitzeke dago) eraikitzearen helburua zen Kantauri itsasoan 1.800 hektareako itsas eremua zedarritzea –alegia, ia Bilboren erdia besteko eremua– superportuak, hartara, ordu arteko portuaren edukieraren halako bost har zezan.
  • Punta Galea (superportua ixteko eraikitako bigarren kai-muturra) amaitu ez arren, haren muturra ikusi egiten da Punta Lucerotik gertu ur-gainean, itsasotik kostaldera eraikitzen hasi baitziren kai-muturra, eta petrolio-ontzietarako erreferentzia-puntu bilakatu zelako utzi zuten bere horretan, eraitsi gabe.
  • 1975ean, dagoeneko, petrolio-ontzi handiek erabiltzeko prest zegoen Punta Lucero; Punta Galeako kai-muturra eraikitzeari ekin zioten orduan, Punta Luceroko muturraren kontrako aldean kokatuta, haren osagarri izan zedin eta Abraren kanpoaldea babestu zezan.
  • Denboraleak, baina, gogor jo zuen 1976ko abenduan, eta 14 metrorainoko olatuak altxarazi zituen. Ondorioz, Punta Galeako obrak eten egin behar izan zituzten. Handik gutxira, behin betiko geldiarazi zuten proiektua.
  • Punta Galeako jatorrizko diseinutik, honako zati hauek geratu ziren eraikita: itsaslabarraren ondoko ehun metro; ur azpiko harri-lubetaren hiru kilometro, eta portuaren bokaleko azken zatia, itsasargi modura urgaineratuta.
  • FCCko unitateak (Ohantze Fluidizatuko Cracking Katalitikoa) 1983an eraiki zituzten, eta findegiaren historiaren mugarri bilakatu ziren, inguruetako herritar askorentzako lanpostuak sortu baitzituzten.
  • 2001ean, berriz, ekipo berezia sortu zuten: Pertsonen Segurtasuna Hobetzeko Taldea zen ekipo hori, eta “istripu bakar bat ere ez” helburupean dihardu lanean.
  • Punta Lucero terminala 2.500 metro luze da, eta itsasgoraren mailatik 16,5 metro ateratzen da uretatik kanpora, kontuan hartu behar baita itsasoa haserre dagoenean 7 metrorainoko olatuak altxatzen direla.
  • Garrantzitsua al da Petronorreko laborategia? Datu hauei erreparatu besterik ez dago: 2001ean, 75.000 proba egin zituen, alegia, 200.000 saiakera, eta, horrela, 650.000 emaitza lortu zituen gutxi gorabehera.
  • Findegian Gaztelu Berri izeneko doako aldizkaria argitaratzen dugu 1995etik, eta, oraintsu arte barne-informazioko aldizkaria izan bada ere, kanporako ere kaleratzen dugu orain.
  • Petronorreko 1. itsas terminalean porturatzeko itsasontziei ezarri zaien gerturatze-abiadura 6 cm/s da; abiadura horretan, baina, itsasontziek lau egun beharko lituzkete Muskiz–Bilbo ibilbidea egiteko.
  • Tximinietako analizatzaileak Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Eusko Jaurlaritzaren Sarearen Estazio Nagusiarekin konektatuta daude denbora errealean. Estazio horretatik, halaber, findegiko emisioak ere zaintzen dituzte.
  • Petronorrek urtebetean birgaitzen duen ura (2.000.000 m3) Portugaleteren pareko udalerri batek (50.000 biztanle) urtebetean egiten duen ur-kontsumoaren bestekoa da.
  • Findegia, gauez, 30.000 argigunek argiztatzen dute, eta horietatik % 40 merkurio-lurrunezkoak dira; gainerakoak, berriz, fluoreszenteak.

Lotutako edukiak

Inicio pie