Josean Lekue: “gutxiago eta hobeto jan behar da”

“Gutxiago eta hobeto jan behar da” esan zuen atzo Josean Lekue doktoreak, Athletic Clubaren mediku zerbitzuen buruak, Muskizko Meatzari Aretoan eskainitako elikaduraren inguruko hitzaldian.

Josean Lekuek hitzaldiari hasiera eman zion elikadura ona izatearen garrantziaz mintzatzen. Zentzu honetan hurrengoa azaldu zuen: “elikadura txarrak osasuna kaltetzen du. 6-14 urte bitarteko umeen %30a gehiegizko pisua dauka eta %30 horretatik %10a gizena da. Hori ikaragarria da. Umeek ondo jan eta lo egin behar dute. Elikadura egokia izatea osasuna hobetzeko faktorerik garrantzitsuenetarikoa da”.

Eraman beharreko elikadurari buruz doktoreak gutxiago eta hobeto jan behar dela aipatu zuen: “gosaria funtsezkoa da eta arreta handia izan behar zaio. Gainera 5 aldiz jan behar da egunero eta pertsona bakoitzaren egoeraren arabera errazioa egokitu”.

Lekuek hitzaldia amaitu zuen kirolariek, bereziki umeek, bere maila, genetika eta osasunaren arabera eraman behar duten elikadurari buruz hitz eginez: “gizartean dauzkagun arazoak edozein kirolari taldean ere islatzen dira. Guk Lezaman ere gehiegizko pisua duten gazteak dauzkagu, bereziki maila baxuenetan. Horregatik gosarian, kantitateetan eta janariaren aukeran esku hartzea garrantzitsua da. Ura edan eta ondo jan zein lo egin behar dute”.

ByP Eventos Deportivosek antolatutako hitzaldiak Petronorren babesa izan zuen.

Argazkiak, hemen.